2008ko Maskarada Muskildin

(Acudimos a la MASKARADA que el 17 de febrero se celebraba en la localidad de Muskildi en Zuberoa (Iparralde). Dos horas de camino y allí nos plantamos. La experiencia muy buena. El carnaval está vivo en la bucólica Xiberua.

Los jóvenes de Atarratze son los encargados este año de organizarlo, por ello, en Muskildi se les acogió con cariño. Bailaron, cantaron, bebieron y comieron hasta hartar. Los jóvenes eso es lo que hacen en carnavales. Biba Atharratzeko gazteak. Biba Xiberua.)

Hantxe izan ginen otsailaren 17an. Egun ederra atera zitzaigun. Goizean goiz altxa eta hamarretarako Muskildin ginen. Egun ezin pollitagoa igaro genuen Xiberuako lur maitagarrietan.

Lehenik eta behin Muskildikoek ongi etorria eman zieten Atharratzekoei, hauek baitziren aurten maskaradaz arduratu direnak. Ongi etorria herriaren sarreran eman zitzaien kanta eta dantza ederrekin.


Ondoren barrikadak hasi ziren, herrian barrena bost barrikada paratu zituzten eta han dantzariek beren dantzak egin zituzten, Xorrotxek beren koplak kantatzen zituzten herriko azken berriak emanez eta jende guztia informazioa esanguratsuaz gaztigatzen.

Aurten, lehen aldiz, xorrotxak gizasemea eta emakumezkoa genituen, gainera. Kantatu eta dantzatu ondoren, jan eta edan, legeak agintzen duen bezala. Mama goxoak erraztu egiten baitu barrukoa ateratzen. Maskaradako gazteak, herrikoak, turistak eta txori galduek jende saldo polita egiten zuten Muskildiko kaleetan barrena.

Goizeko lana, batez ere, gorrien lana izaten da, dantzari trebe eta adoretsuena. Buhameak, kauterak eta beltzak astopitokeriak egiten ematen dute goiza, ahora ireki gabe, hori bai. Horrelaxe ibili ziren maskaradakoak ordu bata iritsi zen arte, orduan, bakoitza bere zokora joan zen bazkaltzera. Ohitura da herrikoek bina kanpotar (maskarada egiten dutenak, prefosta) hartzea eta etxera eramatea.

Eta galdetu ere galdetu genuen ea zer zen maskarada…

Laurak aldera Muskildiko plazan ikuskizuna errepikatu zen, baina oraingoan buhame eta kauteren txanda izan zen batez ere, haiek zamaltzaina ferratzen eta osatzen ibili ziren lan eta lan, ondoren, buhameek predikua bota zuten, urte osoko notizia nagusiak aintzat hartuz eta beren kritika zorrotza politikariei eginez.

Eskuara guti aditu genuen maskarada burutzen zuten gazteen artean. Gorrien artean ez zekiten, beltzen artean, ordea, bai. Bada Zuberoan belaunaldi mordo bat euskara ikasi ez duena, zortzi urtetik hogeita hamar urteko gazteek ez baitute eskuara entelegatzen, pena da, bai.

Hantxe ikusi genituen aurten ere Maskaradako pertsonaia guztiak: txerrero, gatuzain, kantiniersa, zamalzain, entseinaria, kükülleroak, kherestuak, marexalak, jauna eta anderia, laboraria eta laborarisa, xorrotxak, buhamiak, kauterak eta medezia. Eta hantxe ikusi genuen gure eskolako saltsera porrokatua den Ainhoa Aranburu irakaslea ere, Eskual Herria guztia korritzen duena baita gure Ainhoa, alajaiena!

Aurten, oraindik, herri hauetan ikusten ahal dituzue, ez gal, otoi!:
Gamere-Zihigan martxoaren 2an, Maulen martxoaren 8an, Arrokiagan martxoaren 16an, Barkoxen martxoaren 23an, Alozen martxoaren 30ean, Altzain apirilaren 6an, Sohütan apirilaren 13an, Urdiñarben apirilaren 20an eta azkenik Santa Grazin apirilaren 27an.

Ziripot

Audioak jaitsi:

Ongi etorria Atarratzekoei.

Barrikadan kantari.

Barrikadan Kantari 2 .

Atabala eta txistua.

Buhomeak predikua botatzen.

Zorrotzak bertsuka.

Zer da maskarada?

Argazkiak ikusi:

Miniaturetan, edo diaporaman.

Gehiago:

Xiberoko maskarada. Euskarazko wikipedian ikusia.

En Français.